letren munduak
Post on 21-Mar-2016
226 Views
Preview:
DESCRIPTION
TRANSCRIPT
LETREN
MUNDUA
2012-2013 ikasturtea
Haur Hezkuntza 3. maila
Ikaslea: Maider Olaeta López
Taldea: 32
M LETRAREN
MUNDUTIK OSTERATXOA
Hitzak, beste edozein izaki bizidun bezala, jaio, bizi eta hil egiten dira letra
ezberdinekin sortzen ditugun konposizioen arabera, amaigabeko sormen prozesu
bati bide emanez. Ondoren, M letraren hamaika mundu hurbildu nahi
dizkizuet, hamaika istorio ezberdinetarako bidea irekiz.Goza dezazuen espero
dut …
GOAZEN ALFABETOA IKASTERA
Lehenengo `M´ hau egiteko erabilitako ikus erreferentea,
internet izan da.
Ikus erreferentea
Nire ekoizpena
Erabilitako ikus baliabideei dagokionez, saturazio handiko
kolore ezberdinen arteko kontrastea da nagusi -kolore hotz, bero
eta neutroak nahastuz -, nahiz eta forma geometrikoarekin ere
lan egin dudan. Zehatzagoa izateko, forma geometriko kurboa da
landu dudana.
Honekin lortzen dudan efektua, nagusiki alaitasuna da,
kolore guzti hauek dibertigarritasun eta poztasun puntu bat
ematen baitiote konposizioari. Forma kurboek, nolabaiteko
dinamismoa eta mugimendua eransten diote ere. Honez gain,
erabili ditudan apaingarriek (botoia, lorea eta mamua),
apaingarriak direnak, argi eta garbi uzten du haurrei
zuzendutako ekoizpen bat dela.
DISEINUA ETA MINIMALISMOA
Bigarren `M´ honetarako erabilitako ikus erreferentea,
internet izan da berriz ere.
Ikus erreferentea
Nire ekoizpena
Erabili ditudan ikus baliabideak, saturazio handiko koloreen
kontrastea, ehundura geometrikoa (kartoi mehe izurtuarena) eta
forma izan dira. Kartoi mehe izurtuan ebakitako ´M´-aren
azpitik aluminiozko papera jartzeak, kontraste bikoitza eragiten
du. Aluminioak berak duen distira, leuntasun eta hoztasunak,
kartoi-mehearen kolorearekin eta ehundurarekin kontrastea
egiten du.
Honekin lortzen dudan efektua, diseinua, minimalismoa,
sofistikazioa, ordena eta uniformetasuna dira. Oso irudi sinplea
izan arren, diseinu dotore bat gordetzen du bere atzean.
LOGOA OTE?
Hirugarren `M´ hau egiteko erabilitako ikus erreferentea,
internet izan da nahiz eta neurri batean soilik, neure moldaketa
propioak egin baitizkiot .
Ikus erreferentea
Nire ekoizpena
Kasu honetan landu nahi izan ditudan ikus baliabiderik
aipagarrienak, forma eta saturazio handiko koloreen kontrastea
izan dira. Material distiratsuz eginiko forma geometriko zorrotza
duten hirukiak antzeman daitezke nahiz eta forma guztiz betea
izan ez, modu etenean egina baitago.
Honekin lortu dudan efektua, Adidas kirol markako
logotipoa oroimenera ekartzea izan da. Nire
ekoizpenaren eta logo honen artean
paralelotasunak daude, esaterako, erabilitako
lerro mota –lerro zabalak eta laburrak- baita
konposizioa osatzeko erabilitako koloreak -
beltz eta urre-kolorearen arteko kontrastea-.
Koloreen konbinaketa honek, urre kolorearen distirak eta formak,
dotoretasun, luxu ukitu bat ematen dio.
ARMIARMA “M”-a
Laugarren `M´ honetarako erabilitako ikus erreferentea, ez da
aldatzen. Internet berriz ere, aurrekoetan bezalaxe.
Ikus erreferentea
Nire ekoizpena
Erabilitako ikus baliabiderik garrantzitsuena, teknika bera
izan da. Sokatxo zuri mehez feltroan jositako armiarma da hau.
Teknikaz gain, zuri-beltzaren arteko kolore kontrasteak ere pisu
handia du. Feltrozko atze beltzaren gainean jositako armiarma
zuriak egiten duen kontrastea oraindik gehiago areagotzeko
asmoz, M-aren ingerada lerroa (gezi beltzez adierazia)
ikusgarriagoa izan dadin, ari zuriz eta lentejuelaz indartu
ditut.
Honekin lortzen den efektua, goitik oratutako txotxongilo bat
izango bailitzan sentsazioa lortzea da. Puntada txikiz jositako
irudia izateak, armiarma sareak islatzen duen fintasuna islatzen
du, delikatua izatearen itxura emanik konposizioari. Hankak
diagonal txikiz osatuta egoteak, mugimendua eta dinamismoa
ematen diote armiarmari.
BALDOSA EDO PORLAN “M”-a?
Bosgarren `M´ honetarako erabilitako ikus erreferentea, etxeko
komuneko horma izan da.
Ikus erreferentea
Nire ekoizpena
Erabilitako ikus baliabide nagusiena, aurrekoan bezalaxe,
teknika bera da. Letra hau egiteko, frotazio teknika erabili dut.
Komuneko horma gainean kartoi mehe zuria jarri eta arkatz
batekin igurtzirik. Teknika honek
nolabaiteko ehundura (geometrikoa,
borobil bakoitza bakarka hartuta eta
organikoa, osotasuna kontuan hartuz)
ematen die kartoi-mehe zurian marraztuak
geratu diren borobilei, hormako borobilek
eurek ere erliebea baitute.
Honekin lortzen den efektua, irudi lauso bat sortzea da. Kolore
grisak, porlanezko edo harrizko letra erraldoi baten efektua
sorrarazten du, hoztasuna, oreka, gogortasuna eta
uniformetasuna islatuz-
POP UP “M”-a
Seigarren `M´ honetarako erabilitako ikus erreferentea,
internet-eko You Tube web lekua izan da.
Ikus erreferentea
Nire ekoizpena
Erabilitako ikus baliabiderik esanguratsuena, aurrekoetan
bezalaxe teknika izan da, nahiz eta saturazio eta distira
handiko kolore hotz eta beroen arteko kontrastearekin ere jolastu
dudan. “Pop up” teknikaz baliatuz, bi
dimentsiotatik abiatuz, bolumena duten
letrak sortzea izan da helburua.
Hasieran tolestua dagoen kartoi-mehea
zabaltzean, bat batean bolumen bat
agertzea.
Honekin lortzen den efektua, nolabait
haurren ipuinetara hurbilpen bat egitea
da. Ume txikien ipuinetan hainbatetan
ikusten dira hedagarriak egiten diren irudiak. Lan honen
bitartez, modu sinpleagoan izan bada ere, hori gogora ekarri
arazten da. Letra motek zuzentasuna adierazi arren, itxia
egotetik irekia egotera ematen den bolumen aldaketa dela eta,
mugimendua eta dinamismoa lortzen da.
KALE ARTEA
Zazpigarren `M´ honetarako, ez dut ikus erreferenterik erabili.
Nire irudimenetik eta saiakera ezberdinak egitetik lortutako
emaitza da hau.
Nire ekoizpena
Erabilitako ikus baliabiderik esanguratsuenak, forma
geometriko kurboak, kolore kontrastea eta lurzorua egiteko
erabilitako “Bilboko baldosa” bera dira. Zergatik ikus baliabide
hauek azpimarratu? Forma , tamaina eta kolore ezberdinetako
hiru “M” letra elkar lotuz eskultura diseinu bat ematen saiatu
naizelako bolumena lortuz eta lurzorua, baldosa hau Bilboko
hiriarekin lotutako nortasun zeinu bat delako.
Honekin lortzen den efektua, kale artera hurbilpen bat egitea
da. Lurzoruak konnotazio argi bat ematen
dio eskulturaren kokapenari. Zoru hau jarri
ezean, edozein tokitan egon zitekeen lan bat
izatetik, Bilboko kalearekin zuzenean
lotutako eraikuntza bat izatera jarraian
igarotzen da.
M-ak elkar lotzeko moduak, itxitura efektua sortzen du,
borobiltasuna, kurbotasuna. Ikus erreferenterik izan ez dudan
arren, lana amaitu eta berehala, Bilboko udaletxe aurrean
dagoen eskultura ekarri dit gogora.
POP ART-arekin SAIAKUNTZAK EGITEN
Zortzigarren `M´ honetarako erabilitako ikus erreferentea, Pop
Art-a orokorrean izan da, zehazki irudi bakar bat erreferentetzat
hartu ez baitut. Hainbat izan dira inspirazio iturriak, horien
artean, hauek:
Ikus erreferentea
Nire ekoizpena
Erabilitako ikus baliabiderik esanguratsuenak, saturazio
handiko kolore hotz, bero eta neutroen arteko kontrastea,
errepikapena, erritmoa eta M-ak egiteko erabilitako estanpazio
teknika dira, hurrenez hurren.
Honekin lortzen diren efektuak, koloreei erreparatuz;
kontrastea, alaitasuna, bizitasuna eta modernismoa dira eta
erritmoari erreparatuz; simetria eta ordena. Pop art-era
hurbiltzeko saiakera bat izan da hau.
EMAN ESKUA
Bederatzigarren `M´ honetarako erabilitako ikus erreferentea,
berriz, internet izan da.
Ikus erreferentea
Nire ekoizpena
Erabilitako ikus baliabiderik aipagarrienak, erabilitako
teknika eta saturazio handiko kolore hotz eta beroen arteko
kontrastea dira. Teknika, pintura da hain zuzen ere, kipula
paperean kolore ezberdinetako margo akrilikoz margotua
dagoena.
Erabilitako pintzelada mota dela eta, honekin lortzen den
efektua, nolabaiteko kaosa adieraztea da abstrakzio ukitu
batekin. Aldi berean, urdinez margotutako M-ek eta buruek,
simetria bat markatzen dute. Nolabaiteko abstrakzio ukitua izan
dezakeen arren, hau ez da benetakoa, irudi erreal batetik nahiko
hurbil dago eta. Eskua elkar emanda duten pertsona bi antzeman
daitezke irudiari arretaz erreparatuz gero. Orden-desorden,
oreka-desoreka antagonismoak planteatzen dira.
TIRANTEAK LOTU
Hamargarren `M´ honetarako erabilitako ikus erreferentea,
You Tube-ko web lekura jo dut berriz.
Ikus erreferentea
Nire ekoizpena
Erabilitako ikus baliabideak, teknika, koloreen kontrastea -
nagusiki alkandoraren paper opaku eta tirante beltzen artekoa-
eta materiala dira. Alkandora egiteko, Origami teknika erabili
dut.
Honekin lortzen diren efektuak -alkandoraren gardentasunaz
baliatuz-, dotoretasuna eta orijinaltasuna dira. Orijinaltasuna
ideia beragatik eta material gardena aukeratu izanagatik,
tiranteekin jolastea baimentzen duena “M”-a ikusgarri uzten
duena. Alkandora, gorbata eta tiranteek, exekutiboak eta lan
mundua gogora ekartea eragiten du. Erditik zatituz gero,
simetria bat antzeman daiteke.
MOKORRAK ONDO?
Hamaikagarren `M´ honetarako ez dut ikus erreferenterik
erabili. Inspirazio iturria nire ogibidea bera izan da.
Fisioterapeuta naiz eta mota honetako neurketak maiz egin behar
izaten ditut. Horretarako erabiltzen dudan tresna goniometroa
da, bertan agertzen diren tresna bi horiek, hain zuzen ere.
Nire ekoizpena
Erabilitako ikus baliabide nagusia materiala da, nahiz eta
erradiografia atzean jarritako kartoi-mehe arrosa eta
erradiografiaren kolore beltz opakuaren arteko kolore kontrastea
ere antzeman daitekeen.
Honekin lortzen den efektua, erradiografia benetan
“negatoskopioan“ jarrita egotearen sentsazioa ematea da, makina
honek ematen duen argi fluoreszentea birproduzituz hein
batean. Oso irudi erreala da, fantasiazko mundutik aldendua,
kontrastea eta simetria bat agertzen duena.
M LETRAREN
MUNDUTIK OSTERATXOA
Azken hausnarketa Letren mundua. Hau bai buruhaustea. Lan honekin
sentimendu kontrajarriak izan ditudala aitortu beharra dut.
Lana planteatu zitzaigun egunean zalantza pila bat etorri
zitzaizkidan burura: zer egin behar da? Hamar letra? Denbora
guztian letra berdina? Baina letrak zelan? Euskarria izan behar
dute edo 3D-tan egin daitezke? Euskarriak beti berdina izan
behar du? Berdina tamainaz edo erabilitako materialari
dagokionez? Letrek lotura izan behar dute haien artean gai baten
inguruan antolatuta edo modu independentean egin daitezke?
Denak ziren zalantzak, denak ziren kezkak.
Apurka-apurka, ideia ezberdinak eta informazioa jasotzen
hasi nintzen ahala, hasiera batean buruan nuen odei beltz hori
desagertuz joan zen, idei jario bati bide emanez. Bururatzen hasi
zitzaizkidan ideia guztiak gogoan izateko asmoz, orri zuri bat
hartu eta proposamen ezberdinez betetzen hasi nintzen. Momentu
honetan pozarren, ordura arteko zalantzak argituak
nituelakoan, hurrengo egunean bertan proiektuarekin hasteko
intentzioz, lanera joan nintzen (fisioterapeuta naiz).
Poztasun honek zoritxarrez, iraupen laburra izan zuen.
Material eta forma ezberdinekin esperimentatzen hastearekin
batera, lehenengo zailtasunekin topo egiten hasi nintzen, buruan
nituen hainbat ideia burutu ezinak suertatzen hasi
baitzitzaizkidan; konplexuegiak batzuk, material falta besteetan
eta materialaren manipulazioarekin arazoak azken batzuetan.
Berriro hasierako puntuan al nengoen? Lana egiten hasi ez eta
jada horrenbeste zailtasun? Ezetz espero. Eta ala izan zen, etsi ez,
eta saiakera batzuk hemendik eta beste batzuk handik eta letrak
irteten hasi ziren.
Lehenengoak, niretzako ezagunak ziren teknikak erabilita
landu nituen: ebaki, pegatu, arkatzez marraztu, … Hasierakoak
izateko, pozik nengoen neure buruarekin, baina pausu bat
haratago eman nahi zuen. Ez nuen ezaguna nuenarekin
konformatu nahi. Zer egin nezakeen berritzaileagoa izan
zitekeena eta niretzako erronka bat izan zitekeena? Horrela,
etxeko oihal zaharrak hartu eta orratzarekin saiakerak egiteari
ekin nion. Puntada batzuk hemendik eta beste batzuk handik eta
feltroaz ausartuko nintzela erabaki nuen. Ordura arte egindako
letrekin alderatuz, material eta teknika aldaketa errekeritu
zidan hark. Distantzia hartuta eta modu objektiboago batean
baloratuta, behin lan osoa bukatua, letra hori inflexio puntu bat
izan zela konturatzen naiz. Ordunik aurrera, teknika berriekin
esperimentatzeko beldurra galduta, Origami, Pop up, Pop art, …
teknikak nola landu ikasteari ekin nion. You Tube-ko hainbat
azalpen bideo ikusita eta hainbat orri zahar alperrik galduta –
inork ez du esan egun batetik bestera lortzen denik, baizik eta
prozesuan garatu beharrekoa dela- teknika hauetarako
hurbilpen bat egiten hasi nintzen. Bideoak geratu, atzera jo,
aurrera bota, … Nork esan du artea sortzea erraza denik? Gauzak
esperimentatzea bezalakorik ez dago, kostatzen duen esfortzuaz
jabetzeko eta sormena benetako prozesu baten ondorioz lortutako
emaitza dela ohartzeko. Hortaz, harrotasunez esan dezaket, nire
zenbait muga pertsonal gainditu ditudala. Denak ez, jakina, hori
ezinezkoa izango bailitzan. Marrazketa librerako teknika
kaxkarrarekin hasi eta teknika kaxkar berberarekin amaitu dut
prozesu hau. Ez dakit zein izango den arrazoia, baina saiakera
falta ez, behintzat (orain etxea balio ez duten marrazki
“artistikoz” betea dut, entregatu ez ditudanak).
Lan honetatik atera ditzakedan ondorio ezberdinen artean,
batetik, marrazketa librean hasieran beste txarra naizela da eta
bestetik, esku abilezia eskatzen duten zenbait teknika lantzeko,
baita material ezberdinekin lan egiteko eta manipulatzeko,
nigan ezagutzen ez nuen nolabaiteko erraztasuna dudala.
Aipatu ditudan eta niretzako berriak izan ziren teknika berri
hauetan aurrerapausoak eman izana eta erronken aurrean
dudan konstantzia eta pertseberantzia dira zalantzarik gabe
nire punturik fuerteenak. Irakasgai hasieran esaten genuen
sormena landu zitekeen abilezia bat dela, baina norberak dituen
berezko gaitasunek ere eragina dutela. Letren Mundu honetan
zehar, ni neu ondorio honetara heltzeko aukera izan dut, neure
baitan esperimentatu baitut hau honela dela.
Inspirazio iturria edozein dela eta materiala edozein dela
ere, ideiak ateratzen ikasi dut. Eta garrantzitsuagoa oraindik,
ideia horiek irudikatzen saiatzea, baita lortzea ere, kasu guzti-
guztietan izan ez bada ere. Zerbait sortzeak, norberak bere
barnetik zerbait jartzea eta kanporatzea eskatzen du eta honetan
oso esperimentatuak ez garenoi, hasieran bertigoa eman
diezagukeen erronka bat da. Alor guztietan bezalaxe, zenbat eta
zerbaitetan gehiago trebatu, gustu gehiago hartzen zaio. Gustu
gehiago ezezaguna zaigun horrekin eta kontrolatzen ez dugun
horrekin jolasteko eta esperimentatzeko.
Esperimentazioaren ideia honi lotua esan gura nuke, apustu
handiagoa egin dudala teknikengatik materialagatik baino,
nahiz eta bi hauek berritzen saiatu naizen. Materiala erosi, erosi
behar izan dudan arren, diru gehiegirik ez gastatzea izan da
nire helburuetariko bat, gaudeneko krisi momentua ezin baitugu
bazter batean utzi. Momentu historiko bakoitzeko arte korronte
ezberdinak ere, garatuak izan direneko testuinguruarengatik,
garaiarengatik, egoera ekonomiko zein politikoarengatik, …
baldintzatuak izan diren moduan, geure kasu honetan ere, krisi
ekonomikoa kontuan hartu beharreko aspektu garrantzitsu bat
da. Material arruntaz, etxekoaz eta egunerokoaz baliatuz lan
egin dut gehien bat. Baita, posible izan zaidan kasu batean,
lagunei eskatu izan diet, nik ere materialen bat haiekin
konpartitu dudan bezalaxe. Hortaz, material ohikoagoak
erabiliz, teknika deigarri, erakargarri eta niretzako erabat
berriak garatzen saiatu naiz.
Ez nuke hausnarketa hau amaitu nahi, egin dudan azken M-
ari buruzko aipamenik egin gabe. Guztietatik bat aukeratzea
eskatuko balidate, hori aukeratuko nuke, niretzako pertsonalena
delako. Ni izatez fisioterapeuta naiz, eta M hori ni naizenaren
erreflexua da. Nire eguneroko lanaren eta nire pasio baten isla.
Fisioterapeuta pediatrikoa naiz eta etortzen zaizkidan umeen
ezaugarriengatik, erradiografiak begiratzea, goniometroarekin
angeluak neurtzea, mokorren egoera aztertzea, … nire senaren
parte garrantzitsu bat da. Hortaz, lehenengo begirada batean
nahiz eta ekoizpenik txundigarriena izan ez, sakonena da
dudarik gabe. Zalantza asko izan nituen letra hau sartu edo ez
erabakitzerakoan nire lanari errespetu handia baitiot, baina
azkenean hemen dago, aurretik esan dudan bezala, sortzeak
norberak barnean duen horretatik zatitxo bat ateratzea eskatzen
duelako.
Balorazio global bat eginda, burutu dudan lanarekin oso
pozik nago, lan honek eskatzen zituen hainbat helburu betetzea
lortu dudalako. Pentsatzea eta buruari bueltak ematea, mundua
ikuspuntu estetiko batetik preziatzen ikastea, nire gaitasunengan
konfiantza gehiago izatea eta egindako lanen gainean
hausnartzen ikastea, iritzi kritikoa garatzen ikastea, ikus
elementu ezberdinak eta arte hezkuntzarekin lotutako hainbat
hitz tekniko erabiltzen ikastea, teknika eta material ezberdinekin
lan egiten eta esperimentatzen ausartzea, ni naizen honen parte
bat adieraztea eta azkenean bai -aho handiz esan dezaket- ondo
pasatzea eta egindakoarekin gozatzea. Ziklo bat zarratzen dugun
bakoitzean izaten dugun zentzazio hori geratu zait: justu lan
honi puntua eta gustua hartzen nenbilenean, amaitu egin da.
Seinale ona, bestetik.
Besterik gabe, eskerrak lan hau planteatu izanagatik.
top related